bost gradu zero azpitik

2005/4/30

hilarriaren aurrean II

Saila: istorioak

Bi ahizpa ziren. Bi ahizpa kotxe hartako atzeko eserlekuan. Elkarrekin hitz egin gabe, bakoitza leiho bakoitzetik at begira, begiak urrutian jarriz. Bi ahizpa ziren. Elkar gorroto zuten bi ahizpa.
Kotxe hura zahartu egin zen, beste bat erosi zuen aitak, beste bi, hiru, kotxerik erosteko adinik izan ez zuen arte. Ordurako bi ahizpak jadanik atzeko eserlekuan leihotik at begiratzeari utzi zioten. Bakoitza New Yorkeko hiriaren Manhattaneko bi muturretan bizi ziren. Jadanik ez ziren elkarrekin Maine-era oporretan joaten.
Etxean gelditzen ziren beraien sendiekin. Haurrekin eta senarrarekin. Beno, hori orain dela bost urte arte. Duela bost urte, bi ahizpak beraien senarrengandik banandu zirelako.
Ez zen arrazoi berezirik egon banaketarako. Komunikazio falta beharbada. Komunikazio falta, gaizki ulertuak eta maitale pare bat gurutzatu ziren bidean. Bi emakume, Manhattaneko bi muturretan, bakoitza bi seme-alaben kontura. Zergatik ez zioten elkarri hitz egiten? Zer gertatu zen beraien haurtzaroan honela jarduteko?
Biak Brooklyn-eko familia ertain batean jaio eta hezi ziren. Baina nahiz eta izaera zoriontsuko sendi baten itxura eduki, sendi hura ez zen batere zoriontsua. Bere aitak anaiarengandik inbidia sentitzen zuenetik, inbidiak familiaren patuaren norabidea idatziko zuen.
Ahizpen artean ere, inbidia sortu zen, inbidia etenezin bat. Lehenengo notak izan ziren ikastolan. Notek garrantzia galdu zutenean, senargaiak izan ziren. Lagunak, festak, lana, senarra, seme-alabak, eta abar. Guztia izan zen inbidiaren gai.
Etxea, kotxea eta lana parekoa zuten –bakoitza bestearen konpetentziaren argitaletxean-. Existentzia paraleloa zeramaten. Elkar ikutu ezineko existentzia.
Aita hil zen arte. Berriz ere elkartu ziren hilarriaren aurrean bi ahizpa haiek. Inbidiaz beteriko begirada haiekin. Galderak egiteko beldurrez, erantzunik gabe gelditzen da airea. Ez erantzunik ez hitzik. Hilarri horren azpian koldarki izkutatzen dena ote arazoaren iturri guztia? Amak isilik dirau lurrerantz begira. Ez du batasun batengatik borrokatzeko indarrik. Guda jadanik galdua duela sentitzen du.

2005/4/23

hilarriaren aurrean I

Saila: istorioak

Hemen nago. Iritsi naiz. Zer moduz zaude? Ondo espero dut. Zertan ibili zara azkeneko hogei urteotan? Ez dakit, zerbait gertatu zaizula iruditzen zait, zerbait arriskutsua gertatu zaizula denbora honetan. Eta orain hemen gaude zure senarraren hilarri jarri berriaren aurrean. Orain hemen gaude, zu, ni eta elkarrekin igaro ez genuen denbora.
Zer gertatu zaigu? Nora joan gara? Hasieratik jakin genuen, elkar ezagutu genuenetik, betiko maiteko genuela elkar. Nahiz eta banandurik egon, elkarrekin egongo ginela.
Euria ari du kanposantu hontan. Euria ari du eta hotza gainera. Eta zu bereziki ederra zaude gaur. Edertasun dekadente bat duzu. Zurbil zaude, erdi negarrez, baina benetan ederra. Goitik behera beltzez jantzirik, baina benetan ederra.
Gaur, arratsalde euritsu honetan, zure senarraren zerraldoaren aurrean, duela hogei urte maite zintudana baina zerbait gehiago maite zaitudala uste dut.
Parean zaitut, baina ezin zaitut besotan hartu. Ezin zaitut muxukatu. Eta orain, obszenitate honekin ezin dizut begiratu. Denbora igaro da. Azkar ala mantso, norberaren arabera. Zure aldamenean, eskutik heldurik zure semea duzu. Zurea eta nirea ere bai, hala esan zenidan larriturik. Eta jakin izan balu? Eta konturatu izan balitz? Ziur nago bazekiela. Jakin behar zuen. Baina ez zuen ezer esan ohorearen zentzu indartsu bat zuelako. Eta isilik egotea ohoretsuagoa iruditu zitzaion agian. Eta orain hilik dago. Ez zuen bere gaixotasuna bakarrik bizi nahi, ez zuen heriotzara bakarrik heldu nahi. Beldur hau handiegia izango zen bere arnasa bakarrik entzuterakoan gauaren isiltasunean.
Ni bakarrik bizi naiz nire arnasarekin.
Munduaren amaiera bezalako zeru grisa dugu gainean. Apaizak bere hitzak amaitu ditu, egoera hauetan beti berdinak direnak. Jendea bere kotxeetara gerturatzen da. Bakarrik gelditu gara zu eta ni. Eta gure arnasak. Eta hogei urte gure aurrean. Hilarri horretan.

2005/4/17

goikotxearena

Saila: istorioak

Martxoak 13 “Aaaaaaah” esan dezala eskatu diot eta Ormazabal andreak “aaaaaah” esan du. Ez diot eztarrian ezer gaiztorik ikusi. “Ondo duzu eztarria. Zein da arazoa?” eta nire galderarekin bere aurpegia gorritu egin da. Begiak zorutik ia altxa gabe, zera erantzun dit, bere eskuineko belarrian gizontxo bat bizi dela. Espero direnen arrapostuen artean, gutxien espero nuena izan da hau. Batek ez daki sekula nola erantzungo duen egoera hauen aurrean. Eta nire hurrengo galdera “noiztik” izanik, umiltasunez esan behar dut ez dudala neure burua ezagutzen. “Bi hilabete eta hiru egun” entzutean, Ormazabal andrea burutik gaizki egongo denaren susmoa esnatu zait. Bera ezaguturik sinestea zaila suertatzen zaidan zerbait. Baina sinestezinagoa da bere eskuineko belarrian bizitzea.
Mesedez begira dezadala eskatu didanean, jolasarekin jarraitzea erabaki dut, psikiatrarengana joateko bolantea egin baino lehen. Linternatxoa hartu eta bere eskuineko belarri habitatu horretarantz piztu dut, han ezko pixka bat baino gehiago ez aurkitzeko asmoz. Bat-batean, han ikusi dut, traje ilun bat jantziz, egunkaria irakurtzen. Nire linternatxoaren argiak gogaitu omen du.
Medikuntzan hamar urte igaro ondoren, ikusi beharreko guztiak ikusirik nituela uste nuenean, han agertzen da bera, egunkaria irakurtzen Ormazabal andrearen eskuineko belarrian. Fakultatean sartu nintzenean ez nuen pentsatu “nor zara zu” hain izuturik galdetu behar izango nuenik. “Eta zu?” gizontxo lotsagabea da, ez uste. Alberdi doktorea bezala aurkeztu dut neure burua. Ormazabal andrearen oheburuko medikua.
Oso ondo iruditu zaio, eta munduan gertatzen diren gertaera konplikatuak ulertzeko kontzentrazioa behar denez, bakean utz dezadala eskatu dit. Linternatxoa itzali eta Ormazabal andreari begira gelditu naiz. Ez dago psikiatrarengana jotzeko bolanterik egiterik. Gizontxo bat du bere eskuineko belarrian. Egunkaria irakurtzen duen gizontxo ilustratua.
Nondik hasi? Azkenean medikuntza ez da galdeketa bat besterik.

2005/4/10

tximeleten atzetik

Saila: istorioak

Thomas gerrara joan zenetik guztia zeharo desberdina izan zen. Thomas gerrara joan zelako, joan bai, baina itzuli, ez zen inoiz itzuli. Postal bakarra idazteko denbora izan zuen soilik. Hurrengo egunean frentean hil zuten. Thomas nire lehengusua zen baina izan ez balitz ere, modu berdinean maite izango nukeela uste dut. Thomas nire zorionaren oinarrietako bat zen, eta gerrak eraman zuen. Amesgaiztoak izan ditut irudi horrekin, Thomas lurrean, odoletan, garrasika, eta nik laguntzera joan nahi eta hankak ezin mugitu, erabat geldirik. Berarenak izan ziren nire ametsak eta bereak nire amesgaiztoak.

Haurtzaro berbera bizi genuela esan genezakeen Thomasek eta biok. Beti elkarrekin egon ohi ginen, belarretan, ibaian, Mensfield Hall-eko zelaietan behera labainduz. Berdintsu gindoazen jantzirik, nire familiaren adiskideen larritasunerako, hoiek ez baitziren neskatxa batentzako jantziak. Ez ibiltzeko moduak. Ez hitz egiteko era. Thomasekin denbora gehiegi igarotzen nuela esan ohi zuten. Gehiegi. Honela hezitzen uzten baninduten, neurririk gabeko pertsona izango nintzela ziurtatzen zuten. Eta ez zegoen neurririk gabeko pertsonak baino gauza okerragorik. Deabruak ere ez zuelako neurririk.

Baina nik ez nien jaramonik egiten eta Thomas eta beste mutilekin gustura ibiltzen nintzen cricket-ean, zaldi gainean, neskatxa tuntunei adarra jotzen… Mensfield Hall paradisu bat zen geureak bezalako pentsamendu bihurrientzat. Paradisu bat basoan zehar, geure askatasuna bilatzen ari ginenentzat protokolo guztietatik at. Thomas eta biok elkarrekin deskubritu genuen bizitza eder bat zegoela saloietatik urruti, ezkontza planetatik kanpo, tximeleta eta landare basatien, mila urte izango zituzten zuhaitzen artean. Tximeleten atzetik korrika egiteak geure munduari zentzu bat ematen zion…
Guda zentzugabe batek kendu zion arte. Guda zentzugabe batek Thomas kendu zidan arte.

Hasiera batean influentzia eta harreman guztiak erabili nituen Thomasekin frentera joaten utz ziezadaten. Erizain bezala joateko aholkua jaso nuen, baina nik ez nuen erizain izan nahi. Nik ofizial izan nahi nuen, nire lehengusuaren aldamenean. Beste edozein bezain indartsua, abila eta azkarra izan nintekeen, ez nintzen ezerren beldur, ezta heriotzaren beldur ere, ondo jasango nituen frenteko zailtasunak, edozein proba mediku egin ziezadaketen, oso osasun onean nengoela… Baina alferrik, edo erizain edo ezer ere ez.

Eta azkenean ezer ere ez izan zen. Thomas agurtzera joan nintzen geltokira. Besoekin geure gorputzak estutu egin genituen, malkorik gabe, gero arte bat besterik ez zen, azkar emango zizkien alemanei behar eta merezi zituzten muturrekoak eta bueltan egongo zen berehala. Tren geltoki berberean. Egun eguzkitsu batean. Berriro estutu behar genituen geure gorputzak besoekin. Ziur.

Baina ez dago ziurtasunik guda garaian. Thomasek ez zien alemanei muturreko gehiegirik eman. Ez zuen denbora asko izan. Telegrama madarikatu hura etxera heldu zenean ez genuen zein aurpegi jarri jakin. Ez genuen espero, ez gure Thomas ezin zitekeen hil, ez hain erraz, ez joan eta lehenengo hilabetean, armadaren huts bat izan behar zuen, beste Thomas bat agian, bai, hori izango zen, Thomas asko dago, ikusiko duzue nola guda amaitzean itzultzen den, irribarre batekin itzuliko da, beti bezala…

Guda amaitu eta hara ez zen Thomasik itzuli. Telegrama horrek arrazoia zuen. Frentera joan eta lehenengo hilabetean hil zena gure Thomas zen. Nire Thomas. Nire arimaren beste zatia, nire zorionaren oinarri sendoenetako bat, orain hilik, odoletan hilik, Belgikako basoren batean, edo Normandian, edo ez dakit non arraio, ez nuen izena gogoratu nahi izan telegrama agertzen zen arren, ez nuen gogoratu nahi izan berak bidali zuen postal bakarrean agertzen zen arren, izen hori eta egun hura madarikatu nuen nire oroimenean, guda horrek ez zuen zentzurik, ez, mundu honek zentzurik ez duen bezala. Ezabatu beharra zegoen.

Horregatik hurrengo urteak mundutik at igaro nituen.
Mensfield Hallen zoriontasuna berreraikitzen saiatu ziren. Gonbidatu berriak lagun zaharrekin nahastu zituzten, saloi berberean, zigarro garestien ke artean, musika emanaldiak, solasaldi intelektual-politiko-ekonomikoak, Freud izeneko tipo bat, arriskutsua askorentzat, mesias berria beste batzuentzat, eta mila bider errepikatzen zen hitz bat Europa, Europa, Europa…
Eta ni isilik. Ni mundutik at.

1923ko azaroaren 25ean Mensfield Hallen Bernard agertu zen. Hilea atzerantz botata, altua, argala, betaurreko txiki borobil batzuekin, sudur luze samarra, eta ondo jantzirik. Ez zen oso gaztea. Bere burua aurkeztu zuen, nire osaba Louis-en laguna omen zen, guztiak poztu zituen bisita hoietako bat, edo behintzat hala zirudien. Ni txoko batean gelditu nintzen, animali baten antzera, animali beldurtu bat ezezagun baten aurrean. Halakoa izan ohi zen nire jarrera. Niri begira gelditu zen instant batez eta ezkerreko bekainarekin arku bat marraztu zuen, ironia mirariak egiteko gai uste izango balu bezala. Bere inguruan zeuden nire senitartekoek barkamena eskatu zioten txokoan zegoen animaliarengatik. Baina Bernardek ez zidan garrantzirik eman, ez arreta handiegirik eskaini. Edo hala uste nuen nik behintzat.

Saloian musika emanaldiak, solasaldi intelektual-politiko-ekonomikoak, Freud izeneko gizon arriskutsu eta, aldi berean mesias berria, eta Europa, Europa asko, Europa ahul zein indartsu asko errepikatu zen. Bernard medikua zen. Eta diplomatikoa Estokolmon. Eta idazlea. Eta margolaria. Eta ekonomilaria. Eta politikoa. Izaera errenazentista zuela komentatu zuten Mensfield Hallen. Baina nik, neure buruari Bernard izaera tristea zuela komentatu nion. Inork ikusi ez zuen zerbait. Ni bezalako animalia batek bakarrik ikus zezakeen zerbait. Bernardi ez nion garrantzirik eman, ez nion arreta handiegirik jarri. Edo hala uste zuen berak behintzat.

Osaba Louisek Mensfield Hallera gonbidatu zuen bertan bere liburua lasaitasun osoz idatz zezan. Zeri buruz idatzi behar zuen galdetu zioten behin eta berriz, baina berak ez zuen erantzuten, edo behintzat ez zuen besteek uler zezaketen ezer esaten. Itaun bati arrapostua bilatu behar ziola errepikatzen zuen, baina inork ez zekien itaun horrek zertan zetzan eta are eta gutxiago arrapostua non zegoen. Askotan ez zuten bakean uzten, hainbeste lagundu nahi zioten, eta orduan, Bernard paseatzera irteten zen.
Mundutik at egoteko.

1923ko abenduaren 12ko arratsalde une haietako bat izan zen. Ilea atzerantz botata zuen, beti bezala, tipo elegantea, estiloz betea. Askotan galdetu nion neure buruari nolakoa izan behar zuen bere emaztea, nolakoak bere seme alabak, nolakoa bere Estokolmoko etxea. Berari begira gelditzen nintzen ezkutuan, hain elegantea eta ni mutil jantzi hauekin, ibiltzeko era baldar honekin eta hitzik egin gabe. Arratsalde hartan basotik nenbilen, zigarro bat erretzen, eta aireari begira, noizean behin harri koxkor bati ostikada bat emanaz. Bere itzala nire muturren aurrean kasualitatez aurkitu nuen bat-batean. Une batez izutu egin nintzela onartu behar dut. Eta berak ezkerreko bekainarekin berriz ere arku bat marraztu zuen, “ironiaren mirari ederra” esanaz.

Handik aurrera gertatu zen “ironiaren mirari ederrarengatik” izan zela iruditzen zait. Arratsalde hura behin eta berriz errepikatu zen, edonolako eguraldiarekin, “ironiaren mirari ederrarengatik”.

Lekuak garrantzia handia zuen. Eta argiak. Eta denborak.
Erlatibitatea.

Arratsalde batez, Bernardek maleta handi eta pisutsu bat ekarri zuen gure txoko isilera. Niri begira gelditu zen eta irribarre egin zuen maleta hark betiko harrituko ninduen zerbait izango balu bezala. Pixkanaka zabaltzen hasi zen eta bertatik tramankulu bat atera zuen. Zer zen hura? izan zen nire galdera, Bernarderi sekula egin nion galdera bakarra. Bernard medikua zen, eta ni neska gazte bat, mundutik at, noski, hirietako modernitatetik at. Eta hura, nire aurrean zutik zegoena, zinematografoa, soinu arraro bat ateratzen, niri begira. Izugarria zen hasieran, hainbeste zarata ateratzen zuen argazki kamera baten antzeko hori.

Zinematografoarekin beti bizitzaz irudiak ateratzen saiatu izan zen, baina inoiz ez, oraindik bi oinen gainean irauten zuen hildako bat. Ni hala ikusten ninduen objektibo hartatik, harri baten gainean eserita, zerura nahiz lurrera begira, zigarro bat beste baten atzetik. Zinematografoari zuzenean begira nezan eskatu zidan orduan. Obeditu besterik ez nuen egin. Bernard bertatik ikusten ari zena ez nintzen ni, nire irudi bat baizik, Bernard bertatik ikusten ari zena ez zen nire argizko mamua besterik. Nire argizko mamuaren iraupena denboran. Denbora eta espazioaren artea.
Denboraren eta espazioaren arteak Bernard negarrez has zedin egin zuen. Isilik.

Espazioa eta denbora nahastu egiten dira argiaren abiadan. Han omen dago Thomas, espazioa eta denbora nahasten diren lekuren batean. Guk ere argiaren abiada desiratzen genuen tximeleten atzetik korrika egitean. Guk ere argiaren abiada desiratzen genuen cricketean. Argiaren abiada…
Erlatibitatea.

Tristurazko hogeita lau fotograma segundoko. Orduan gehiago izan ziren. Han nengoen eta aldi berean ez nengoen. Eta nik ez nuen ideiarik ere. Ez nekien. Nire denbora eta espazio hura baltsamatzen ari zen Bernard niretzat, munduaren zati hau baltsamatzen ari zen niretzat eta nik ez nuen ulertu. Baina Bernarden negar isilarekin gelditu nintzen betiko. Gau hartan alde egin zuen Mensfield Halletik. Nire ohe gainean pelikula hura utzi zuen. Eta zinematografoa.

Hurrengo urteetan jakin nuen hark guztiak esan nahi zuena. Bernardek denbora eta espazioa erlatibo bilakatzen irakatsi nahi izan zidan, denbora eta espazioa baltsamatzen, mugimendua eta bizitza eskutan hartzen, beste Thomasik gal ez nezan.
Berak nirekin egin zuen bezala.
Ez nuen berari buruz besterik jakin.

2005/3/27

taupakada kasualitatez

Saila: istorioak

Kalea hutsik dago. Goizegi da eta automobilak izozturik daude. Ez dakit, agian ni ere bait. Ohera itzuli naiz eta hor ikusi dut. Zurrunga lasai handiak. Lasai luzeak. Eta une batez, gorrotatu egin ditut azkeneko berrogei urteetan jasan behar izan ditudan zurrunga horiek. Gorrotatu egin dut elkarrekin igaro dugun gau bakoitza. Konpartitu dugun ohe sabaierantz begira gelditu naiz. Kotxe baten zarata entzun da. Hotza sentitu dut. Beste behin ere.

Gaur, azkeneko berrogei urteetan jasotako guztiaren errepikapena izango delakoan nago. Hemen egongo naiz, sukaldean, su, hozkailu eta ogi apurren artean katiluak lehortuz. Azken finean, nire bizitza nik neuk erabaki nuen. Nik neuk hondoratu. Nik neuk ito lorontziko loreak itotzen ditudan bezala ura botatzen dieten bakoitzean. Gehiago iraungo dutelakoan. Eta usteldu egingo dira. Eta hil egingo dira. Ez dakit, laister agian. Gaur bertan beharbada. Eta orduan zer? Beste batzuk etorriko dira, desberdinak eta ahaztu egingo ditugu. Ahaztu egingo gaituzten bezala. Zer izan gara bitartean? Lorontzi batean jarritako lore ahulak. Inolako nortasun gabekoak gehinak. Ahazteko modukoak denak.

Irratia piztu dut eta politikoak mundua aldatu nahian dabiltza. Berdin uzteko asmoz. Betikoak agintean. Betikoak gezurretan. Betikoak pobre. Betikoak engainaturik. Ez dut ezertarako pazientziarik. Ekintzak hasi baina ez ditut amaitzen. Bertan behera uzten dut guztia. Horregatik itzali dut irratia berehala. Jasanezina zaidalako. Konpultsiboki mugitzen naiz baina ez dakit zer egin. Eta ez naiz nire patuaren protagonista sentitzen.

Arazoaren mugan, arrazoiaren muinean bezala, pertsonak eta zirkunstantziak daude. Gugan dago mehatxua. Eta batzutan hala nahiago dugu. Ez dugulako erabakirik hartu nahi. Are gutxiago erabaki horrek gurekin arreman zuzena duenean.

Leiho guztiak itxi egin ditut. Argia zirrikituetatik sartzen da. Laister hasiko da elurra. Gaur ez bada, bihar. Eta ez dut ikusiko. Hemendik alde egingo dudalako, ametsetan bakarrik bada ere. Ez inora joateko aukerarik. Ala bai, eta aukera bakarra heriotza bera da.

Nigan utzikeriak irabazi du. Eta honela bizitzea kasualitate huts bilakatu da. Ez diot inori ezer esateko. Isilik jarraitu nahi dut gaurtik betiko. Ezinezkoa da koherentzia bat mantentzea. Gogorregia da.

Biktima naiz eta aldi berean, ardura dut. Ezin dut probatu. Ezin dut egiten dudana firmatu. Bihotza taupakada ari zait oraindik.

Kasualitatez.

2005/3/26

sarea

Saila: istorioak

Sarearen bila ibili nintzen. Harremanen mundua, utopia latza. Makinek sortutako lekurik gabeko lekua. Bertan ez dago minik. Ez poztasunik. Negar malkoak arrazoirik gabeko erantzun fisikoak dira. Konexio bakoitzean, gauza berri bat ikasten nuen. Ikasteari utzi nion arte. Interesa dependentzia bilakatu zen. Eten bakoitza, abstinentzia sindromea.

Orduan bera agertu zen. Bere naturaltasun ikasiarekin. Orain gauza bakarra axola zait: egia jakitea. Nire egia, bere egia, guztion egia. Gauza asko azaldu behar ditut orain, eta nekaturik nago. Berandu da eta ez dut indarrik. Telefonoak isilik jarraitzen du. Pentsatu. Logika erabiliz gainera. Eta igande arratsalde honetan geroz eta argiago ikusteko ahaleginak egin. Eta bortizkeria sentitu zainetan.

Pornografiaren eskutik heldu zen neskatila nire begietara. Benetan gaixorik nengoela onartzetik urruti nenbilen. Ez zen lehenengo aldia. Isilik mantentzen nituen harreman haiek. Sexua bakarrik zen. Sexua, besterik ez. Ez zen ezer txarrik gertatzen. Ezer gaiztorik. Neskatoa gaztea zen, gazteegia agian eta ni gaixorik nengoen, jakin gabe. Oso gaixorik. Oso bakarrik. Horrek mundu guztiaren aurrean putaseme bat bihurtu nau guar. Baina orduan desberdina zen. Ulerkaitza izan arren.

Bakardadeak zenbateraino zulatzen dituen barrenak ulertzea zaila delako. Zaila da onartzea galdurik, akabaturik zaudela. Are gehiago bakarrik zaudenean. Ezagutzen nauten gutxiek zer esango dute? Arrunta naizela. Pertsona ona dirudit. Inolako berezitasunik gabeko gizaki arrunta.

Eta orain, egi osoa jakiten denean, ni ez naiz hor egongo egi horren aurrean jartzen duten aurpegia ikusteko. Ezta neure burua defendatzeko ere. Ezingo diet esan gertatu zitzaidan hura guztia egun hotz eta ilunen preso nintzelako izan zela.

Polizia nire bila etorri zenean, ez nuen gertatzen ari zena oso ondo konprenitu. Arazo teknikoak izango zirela pentsatu nuen konexio eten egin zenean. Kezkatu gabe. Inolako garrantziarik eman gabe. Atea ireki egin nien nire bila etorri zirenei. Gizon serio eta handiak. Gizon grisak niri begira. Oso bortizki hitz egin zidaten. Oso argi hitz egin gabe. Beraiekin joateko esan zidaten. Hala egin nuen neramaten jakin gabe.

Ez nuen inolaz ere pentsatu hura komisaldegia izan zitekeenik. Egingo zidatena tortura izan zitekeenik. Hotza egiten zuen. Hotz handia. Gau euritsu hartan ez zegoen garrasirik egiterik. Eta beldurra izan nuen. Eta orduan jakin nuen gaixorik nengoela. Dardara hura konexio faltagatik. Daradar hura sexu faltagatik. Eta oraindik sumatzen dut. Oraindik bueltak ematen ditut gela honetan, ero baten moduan. Paretaren kontra. Erotu egin naiz. Gaixotu. Eta zulo honetatik ateratzea ezinezkoa zait.

Bakarrik nago. Bazterturik. Kaiola batean. Kartzela barruan, beste presoen zurrumurruak entzuten ditut. Ez dute barkatzen. Kartzelak bere legeak ditu, eta epaitu naute dagoeneko.

Erruduna naiz. Errudun betiko.

2005/3/24

30 minutu

Saila: istorioak

Hegazkina, beti bezala, berandu heldu da. Beranduegi. Bere ordularian hamarrak eta hogei dira eta bilera hamaiketan du bulego nagusian. Beste aurkezpen inozo horietako bat inolako jaramonik egingo ez dioten bezero posible batzuen aurrean. Oraingoan ere hitzak prestatu gabe daramatza.

Aireportutik at, hotza nabaria da. Taxi bat eskatu du. Hamar t’erdiak eta bera oraindik aireportuko aparkalekuan. 30 minutu ditu egoerari buelta emateko. Saltzera doan produktuan sinesteko. 30 minutu ditu bere barnan sentitzen duen izotz puska hondoratua urtzeko. 30 minutu, besterik ez.

Emazteak deitu dio, ezkon bizitzak dakarren kontrol protokoloa mantentzeko. Ez diote ezer esan elkarri. Galdera bat (”iritsi al zara?”), erantzun bat (”bai”) eta lau ohar (hemen azalduko ez direnak, lotsagarriegiak baitira). Sakeleko telefonoa poltsikoratu duenean dena desberdin doala sentitu du. Ez hobeto, ez okerrago. Desberdin.

Eta ez dago kezkaturik, eta ez dago urduri, eta elurra hasi du, eta hari begira gelditu da. Bere 40 urte pasiei begira geldituko balitz, taxiko atea ireki eta martxan salto egingo luke. Elur garbia hiri zikin haren gainean erortzea sakrilegio bat iruditzen zaiola esan dio taxiko gidariari. Honek ez dio erantzun. Eskertzekoa.

Hamaikak laurden gutxi dira dagoeneko autobidean. Automobil gehienak mantso eta kontu handirekin dabiltza. Gutxi batzuk bizitzari aprezio gutxi diotela erakusten dute. Berak ez daki bizitzari aprezioa ote dion ala ez. Ez gehiegi. Semeak bere begi handi haiekin begiratzen dionean, arrotza egiten zaio xamurtasuna. Ez dio jaramonik egiten esperientziari, dena saldu beharreko produktu bat baita berarentzat. Guztiak du prezio bat. Beti dago barra kode bat. Baina baliorik ez.

Lanpostu on bat. Etxe polit bat. Automobil fidagarri bat. Eredutzat har daitekeen familia bat. Ez da zaila hau guztia edukitzea. Zailena, sentitzea dela uste du berak.

Enpresa Bulegoetara hamaikak eta hamarretan heldu da. Taxi gidariari ordaindu dio hitzik esan gabe. Enpresaren atearen aurrean gelditu da eta gorantz begiratu du. Solairu continuum bat. Ez du bere burua han sartu eta software inutil hori saltzeko gai ikusten. Bat-batean, sinesteari utzi dio.

Kalearen beste aldean dagoen kafetegi txikiari so gelditu da. “Zer egiten dut nik hemen?” galdetu du ahopeka. Kalea gurutzatzeko lehenengo pausoa ematera doa. Lurrera begiratu du. Buelta erdia eman berriz.

Sarrerako andereñoari bere izena esan dio.
Zain du kontseilua.

Get free blog up and running in minutes with Blogsome | Theme designs available here