hilarriaren aurrean I
Hemen nago. Iritsi naiz. Zer moduz zaude? Ondo espero dut. Zertan ibili zara azkeneko hogei urteotan? Ez dakit, zerbait gertatu zaizula iruditzen zait, zerbait arriskutsua gertatu zaizula denbora honetan. Eta orain hemen gaude zure senarraren hilarri jarri berriaren aurrean. Orain hemen gaude, zu, ni eta elkarrekin igaro ez genuen denbora.
Zer gertatu zaigu? Nora joan gara? Hasieratik jakin genuen, elkar ezagutu genuenetik, betiko maiteko genuela elkar. Nahiz eta banandurik egon, elkarrekin egongo ginela.
Euria ari du kanposantu hontan. Euria ari du eta hotza gainera. Eta zu bereziki ederra zaude gaur. Edertasun dekadente bat duzu. Zurbil zaude, erdi negarrez, baina benetan ederra. Goitik behera beltzez jantzirik, baina benetan ederra.
Gaur, arratsalde euritsu honetan, zure senarraren zerraldoaren aurrean, duela hogei urte maite zintudana baina zerbait gehiago maite zaitudala uste dut.
Parean zaitut, baina ezin zaitut besotan hartu. Ezin zaitut muxukatu. Eta orain, obszenitate honekin ezin dizut begiratu. Denbora igaro da. Azkar ala mantso, norberaren arabera. Zure aldamenean, eskutik heldurik zure semea duzu. Zurea eta nirea ere bai, hala esan zenidan larriturik. Eta jakin izan balu? Eta konturatu izan balitz? Ziur nago bazekiela. Jakin behar zuen. Baina ez zuen ezer esan ohorearen zentzu indartsu bat zuelako. Eta isilik egotea ohoretsuagoa iruditu zitzaion agian. Eta orain hilik dago. Ez zuen bere gaixotasuna bakarrik bizi nahi, ez zuen heriotzara bakarrik heldu nahi. Beldur hau handiegia izango zen bere arnasa bakarrik entzuterakoan gauaren isiltasunean.
Ni bakarrik bizi naiz nire arnasarekin.
Munduaren amaiera bezalako zeru grisa dugu gainean. Apaizak bere hitzak amaitu ditu, egoera hauetan beti berdinak direnak. Jendea bere kotxeetara gerturatzen da. Bakarrik gelditu gara zu eta ni. Eta gure arnasak. Eta hogei urte gure aurrean. Hilarri horretan.

