bost gradu zero azpitik

2005/4/30

hilarriaren aurrean II

Saila: istorioak

Bi ahizpa ziren. Bi ahizpa kotxe hartako atzeko eserlekuan. Elkarrekin hitz egin gabe, bakoitza leiho bakoitzetik at begira, begiak urrutian jarriz. Bi ahizpa ziren. Elkar gorroto zuten bi ahizpa.
Kotxe hura zahartu egin zen, beste bat erosi zuen aitak, beste bi, hiru, kotxerik erosteko adinik izan ez zuen arte. Ordurako bi ahizpak jadanik atzeko eserlekuan leihotik at begiratzeari utzi zioten. Bakoitza New Yorkeko hiriaren Manhattaneko bi muturretan bizi ziren. Jadanik ez ziren elkarrekin Maine-era oporretan joaten.
Etxean gelditzen ziren beraien sendiekin. Haurrekin eta senarrarekin. Beno, hori orain dela bost urte arte. Duela bost urte, bi ahizpak beraien senarrengandik banandu zirelako.
Ez zen arrazoi berezirik egon banaketarako. Komunikazio falta beharbada. Komunikazio falta, gaizki ulertuak eta maitale pare bat gurutzatu ziren bidean. Bi emakume, Manhattaneko bi muturretan, bakoitza bi seme-alaben kontura. Zergatik ez zioten elkarri hitz egiten? Zer gertatu zen beraien haurtzaroan honela jarduteko?
Biak Brooklyn-eko familia ertain batean jaio eta hezi ziren. Baina nahiz eta izaera zoriontsuko sendi baten itxura eduki, sendi hura ez zen batere zoriontsua. Bere aitak anaiarengandik inbidia sentitzen zuenetik, inbidiak familiaren patuaren norabidea idatziko zuen.
Ahizpen artean ere, inbidia sortu zen, inbidia etenezin bat. Lehenengo notak izan ziren ikastolan. Notek garrantzia galdu zutenean, senargaiak izan ziren. Lagunak, festak, lana, senarra, seme-alabak, eta abar. Guztia izan zen inbidiaren gai.
Etxea, kotxea eta lana parekoa zuten –bakoitza bestearen konpetentziaren argitaletxean-. Existentzia paraleloa zeramaten. Elkar ikutu ezineko existentzia.
Aita hil zen arte. Berriz ere elkartu ziren hilarriaren aurrean bi ahizpa haiek. Inbidiaz beteriko begirada haiekin. Galderak egiteko beldurrez, erantzunik gabe gelditzen da airea. Ez erantzunik ez hitzik. Hilarri horren azpian koldarki izkutatzen dena ote arazoaren iturri guztia? Amak isilik dirau lurrerantz begira. Ez du batasun batengatik borrokatzeko indarrik. Guda jadanik galdua duela sentitzen du.

2005/4/23

hilarriaren aurrean I

Saila: istorioak

Hemen nago. Iritsi naiz. Zer moduz zaude? Ondo espero dut. Zertan ibili zara azkeneko hogei urteotan? Ez dakit, zerbait gertatu zaizula iruditzen zait, zerbait arriskutsua gertatu zaizula denbora honetan. Eta orain hemen gaude zure senarraren hilarri jarri berriaren aurrean. Orain hemen gaude, zu, ni eta elkarrekin igaro ez genuen denbora.
Zer gertatu zaigu? Nora joan gara? Hasieratik jakin genuen, elkar ezagutu genuenetik, betiko maiteko genuela elkar. Nahiz eta banandurik egon, elkarrekin egongo ginela.
Euria ari du kanposantu hontan. Euria ari du eta hotza gainera. Eta zu bereziki ederra zaude gaur. Edertasun dekadente bat duzu. Zurbil zaude, erdi negarrez, baina benetan ederra. Goitik behera beltzez jantzirik, baina benetan ederra.
Gaur, arratsalde euritsu honetan, zure senarraren zerraldoaren aurrean, duela hogei urte maite zintudana baina zerbait gehiago maite zaitudala uste dut.
Parean zaitut, baina ezin zaitut besotan hartu. Ezin zaitut muxukatu. Eta orain, obszenitate honekin ezin dizut begiratu. Denbora igaro da. Azkar ala mantso, norberaren arabera. Zure aldamenean, eskutik heldurik zure semea duzu. Zurea eta nirea ere bai, hala esan zenidan larriturik. Eta jakin izan balu? Eta konturatu izan balitz? Ziur nago bazekiela. Jakin behar zuen. Baina ez zuen ezer esan ohorearen zentzu indartsu bat zuelako. Eta isilik egotea ohoretsuagoa iruditu zitzaion agian. Eta orain hilik dago. Ez zuen bere gaixotasuna bakarrik bizi nahi, ez zuen heriotzara bakarrik heldu nahi. Beldur hau handiegia izango zen bere arnasa bakarrik entzuterakoan gauaren isiltasunean.
Ni bakarrik bizi naiz nire arnasarekin.
Munduaren amaiera bezalako zeru grisa dugu gainean. Apaizak bere hitzak amaitu ditu, egoera hauetan beti berdinak direnak. Jendea bere kotxeetara gerturatzen da. Bakarrik gelditu gara zu eta ni. Eta gure arnasak. Eta hogei urte gure aurrean. Hilarri horretan.

2005/4/18

arraina

Saila: malutak

Arrain txikia olatu errepikaezinarekin maitemindu da duela 27 segundu. Baina bere memoria laburrak ahaztu egin du dagoeneko. Eta itsaso hotz zabalean dirau arrain txiki umilak, olatu errepikaezinekin behin eta berriz maitemintzen. Eta 27 segundu igaro baino lehen, ahazten.

2005/4/17

goikotxearena

Saila: istorioak

Martxoak 13 “Aaaaaaah” esan dezala eskatu diot eta Ormazabal andreak “aaaaaah” esan du. Ez diot eztarrian ezer gaiztorik ikusi. “Ondo duzu eztarria. Zein da arazoa?” eta nire galderarekin bere aurpegia gorritu egin da. Begiak zorutik ia altxa gabe, zera erantzun dit, bere eskuineko belarrian gizontxo bat bizi dela. Espero direnen arrapostuen artean, gutxien espero nuena izan da hau. Batek ez daki sekula nola erantzungo duen egoera hauen aurrean. Eta nire hurrengo galdera “noiztik” izanik, umiltasunez esan behar dut ez dudala neure burua ezagutzen. “Bi hilabete eta hiru egun” entzutean, Ormazabal andrea burutik gaizki egongo denaren susmoa esnatu zait. Bera ezaguturik sinestea zaila suertatzen zaidan zerbait. Baina sinestezinagoa da bere eskuineko belarrian bizitzea.
Mesedez begira dezadala eskatu didanean, jolasarekin jarraitzea erabaki dut, psikiatrarengana joateko bolantea egin baino lehen. Linternatxoa hartu eta bere eskuineko belarri habitatu horretarantz piztu dut, han ezko pixka bat baino gehiago ez aurkitzeko asmoz. Bat-batean, han ikusi dut, traje ilun bat jantziz, egunkaria irakurtzen. Nire linternatxoaren argiak gogaitu omen du.
Medikuntzan hamar urte igaro ondoren, ikusi beharreko guztiak ikusirik nituela uste nuenean, han agertzen da bera, egunkaria irakurtzen Ormazabal andrearen eskuineko belarrian. Fakultatean sartu nintzenean ez nuen pentsatu “nor zara zu” hain izuturik galdetu behar izango nuenik. “Eta zu?” gizontxo lotsagabea da, ez uste. Alberdi doktorea bezala aurkeztu dut neure burua. Ormazabal andrearen oheburuko medikua.
Oso ondo iruditu zaio, eta munduan gertatzen diren gertaera konplikatuak ulertzeko kontzentrazioa behar denez, bakean utz dezadala eskatu dit. Linternatxoa itzali eta Ormazabal andreari begira gelditu naiz. Ez dago psikiatrarengana jotzeko bolanterik egiterik. Gizontxo bat du bere eskuineko belarrian. Egunkaria irakurtzen duen gizontxo ilustratua.
Nondik hasi? Azkenean medikuntza ez da galdeketa bat besterik.

2005/4/10

tximeleten atzetik

Saila: istorioak

Thomas gerrara joan zenetik guztia zeharo desberdina izan zen. Thomas gerrara joan zelako, joan bai, baina itzuli, ez zen inoiz itzuli. Postal bakarra idazteko denbora izan zuen soilik. Hurrengo egunean frentean hil zuten. Thomas nire lehengusua zen baina izan ez balitz ere, modu berdinean maite izango nukeela uste dut. Thomas nire zorionaren oinarrietako bat zen, eta gerrak eraman zuen. Amesgaiztoak izan ditut irudi horrekin, Thomas lurrean, odoletan, garrasika, eta nik laguntzera joan nahi eta hankak ezin mugitu, erabat geldirik. Berarenak izan ziren nire ametsak eta bereak nire amesgaiztoak.

Haurtzaro berbera bizi genuela esan genezakeen Thomasek eta biok. Beti elkarrekin egon ohi ginen, belarretan, ibaian, Mensfield Hall-eko zelaietan behera labainduz. Berdintsu gindoazen jantzirik, nire familiaren adiskideen larritasunerako, hoiek ez baitziren neskatxa batentzako jantziak. Ez ibiltzeko moduak. Ez hitz egiteko era. Thomasekin denbora gehiegi igarotzen nuela esan ohi zuten. Gehiegi. Honela hezitzen uzten baninduten, neurririk gabeko pertsona izango nintzela ziurtatzen zuten. Eta ez zegoen neurririk gabeko pertsonak baino gauza okerragorik. Deabruak ere ez zuelako neurririk.

Baina nik ez nien jaramonik egiten eta Thomas eta beste mutilekin gustura ibiltzen nintzen cricket-ean, zaldi gainean, neskatxa tuntunei adarra jotzen… Mensfield Hall paradisu bat zen geureak bezalako pentsamendu bihurrientzat. Paradisu bat basoan zehar, geure askatasuna bilatzen ari ginenentzat protokolo guztietatik at. Thomas eta biok elkarrekin deskubritu genuen bizitza eder bat zegoela saloietatik urruti, ezkontza planetatik kanpo, tximeleta eta landare basatien, mila urte izango zituzten zuhaitzen artean. Tximeleten atzetik korrika egiteak geure munduari zentzu bat ematen zion…
Guda zentzugabe batek kendu zion arte. Guda zentzugabe batek Thomas kendu zidan arte.

Hasiera batean influentzia eta harreman guztiak erabili nituen Thomasekin frentera joaten utz ziezadaten. Erizain bezala joateko aholkua jaso nuen, baina nik ez nuen erizain izan nahi. Nik ofizial izan nahi nuen, nire lehengusuaren aldamenean. Beste edozein bezain indartsua, abila eta azkarra izan nintekeen, ez nintzen ezerren beldur, ezta heriotzaren beldur ere, ondo jasango nituen frenteko zailtasunak, edozein proba mediku egin ziezadaketen, oso osasun onean nengoela… Baina alferrik, edo erizain edo ezer ere ez.

Eta azkenean ezer ere ez izan zen. Thomas agurtzera joan nintzen geltokira. Besoekin geure gorputzak estutu egin genituen, malkorik gabe, gero arte bat besterik ez zen, azkar emango zizkien alemanei behar eta merezi zituzten muturrekoak eta bueltan egongo zen berehala. Tren geltoki berberean. Egun eguzkitsu batean. Berriro estutu behar genituen geure gorputzak besoekin. Ziur.

Baina ez dago ziurtasunik guda garaian. Thomasek ez zien alemanei muturreko gehiegirik eman. Ez zuen denbora asko izan. Telegrama madarikatu hura etxera heldu zenean ez genuen zein aurpegi jarri jakin. Ez genuen espero, ez gure Thomas ezin zitekeen hil, ez hain erraz, ez joan eta lehenengo hilabetean, armadaren huts bat izan behar zuen, beste Thomas bat agian, bai, hori izango zen, Thomas asko dago, ikusiko duzue nola guda amaitzean itzultzen den, irribarre batekin itzuliko da, beti bezala…

Guda amaitu eta hara ez zen Thomasik itzuli. Telegrama horrek arrazoia zuen. Frentera joan eta lehenengo hilabetean hil zena gure Thomas zen. Nire Thomas. Nire arimaren beste zatia, nire zorionaren oinarri sendoenetako bat, orain hilik, odoletan hilik, Belgikako basoren batean, edo Normandian, edo ez dakit non arraio, ez nuen izena gogoratu nahi izan telegrama agertzen zen arren, ez nuen gogoratu nahi izan berak bidali zuen postal bakarrean agertzen zen arren, izen hori eta egun hura madarikatu nuen nire oroimenean, guda horrek ez zuen zentzurik, ez, mundu honek zentzurik ez duen bezala. Ezabatu beharra zegoen.

Horregatik hurrengo urteak mundutik at igaro nituen.
Mensfield Hallen zoriontasuna berreraikitzen saiatu ziren. Gonbidatu berriak lagun zaharrekin nahastu zituzten, saloi berberean, zigarro garestien ke artean, musika emanaldiak, solasaldi intelektual-politiko-ekonomikoak, Freud izeneko tipo bat, arriskutsua askorentzat, mesias berria beste batzuentzat, eta mila bider errepikatzen zen hitz bat Europa, Europa, Europa…
Eta ni isilik. Ni mundutik at.

1923ko azaroaren 25ean Mensfield Hallen Bernard agertu zen. Hilea atzerantz botata, altua, argala, betaurreko txiki borobil batzuekin, sudur luze samarra, eta ondo jantzirik. Ez zen oso gaztea. Bere burua aurkeztu zuen, nire osaba Louis-en laguna omen zen, guztiak poztu zituen bisita hoietako bat, edo behintzat hala zirudien. Ni txoko batean gelditu nintzen, animali baten antzera, animali beldurtu bat ezezagun baten aurrean. Halakoa izan ohi zen nire jarrera. Niri begira gelditu zen instant batez eta ezkerreko bekainarekin arku bat marraztu zuen, ironia mirariak egiteko gai uste izango balu bezala. Bere inguruan zeuden nire senitartekoek barkamena eskatu zioten txokoan zegoen animaliarengatik. Baina Bernardek ez zidan garrantzirik eman, ez arreta handiegirik eskaini. Edo hala uste nuen nik behintzat.

Saloian musika emanaldiak, solasaldi intelektual-politiko-ekonomikoak, Freud izeneko gizon arriskutsu eta, aldi berean mesias berria, eta Europa, Europa asko, Europa ahul zein indartsu asko errepikatu zen. Bernard medikua zen. Eta diplomatikoa Estokolmon. Eta idazlea. Eta margolaria. Eta ekonomilaria. Eta politikoa. Izaera errenazentista zuela komentatu zuten Mensfield Hallen. Baina nik, neure buruari Bernard izaera tristea zuela komentatu nion. Inork ikusi ez zuen zerbait. Ni bezalako animalia batek bakarrik ikus zezakeen zerbait. Bernardi ez nion garrantzirik eman, ez nion arreta handiegirik jarri. Edo hala uste zuen berak behintzat.

Osaba Louisek Mensfield Hallera gonbidatu zuen bertan bere liburua lasaitasun osoz idatz zezan. Zeri buruz idatzi behar zuen galdetu zioten behin eta berriz, baina berak ez zuen erantzuten, edo behintzat ez zuen besteek uler zezaketen ezer esaten. Itaun bati arrapostua bilatu behar ziola errepikatzen zuen, baina inork ez zekien itaun horrek zertan zetzan eta are eta gutxiago arrapostua non zegoen. Askotan ez zuten bakean uzten, hainbeste lagundu nahi zioten, eta orduan, Bernard paseatzera irteten zen.
Mundutik at egoteko.

1923ko abenduaren 12ko arratsalde une haietako bat izan zen. Ilea atzerantz botata zuen, beti bezala, tipo elegantea, estiloz betea. Askotan galdetu nion neure buruari nolakoa izan behar zuen bere emaztea, nolakoak bere seme alabak, nolakoa bere Estokolmoko etxea. Berari begira gelditzen nintzen ezkutuan, hain elegantea eta ni mutil jantzi hauekin, ibiltzeko era baldar honekin eta hitzik egin gabe. Arratsalde hartan basotik nenbilen, zigarro bat erretzen, eta aireari begira, noizean behin harri koxkor bati ostikada bat emanaz. Bere itzala nire muturren aurrean kasualitatez aurkitu nuen bat-batean. Une batez izutu egin nintzela onartu behar dut. Eta berak ezkerreko bekainarekin berriz ere arku bat marraztu zuen, “ironiaren mirari ederra” esanaz.

Handik aurrera gertatu zen “ironiaren mirari ederrarengatik” izan zela iruditzen zait. Arratsalde hura behin eta berriz errepikatu zen, edonolako eguraldiarekin, “ironiaren mirari ederrarengatik”.

Lekuak garrantzia handia zuen. Eta argiak. Eta denborak.
Erlatibitatea.

Arratsalde batez, Bernardek maleta handi eta pisutsu bat ekarri zuen gure txoko isilera. Niri begira gelditu zen eta irribarre egin zuen maleta hark betiko harrituko ninduen zerbait izango balu bezala. Pixkanaka zabaltzen hasi zen eta bertatik tramankulu bat atera zuen. Zer zen hura? izan zen nire galdera, Bernarderi sekula egin nion galdera bakarra. Bernard medikua zen, eta ni neska gazte bat, mundutik at, noski, hirietako modernitatetik at. Eta hura, nire aurrean zutik zegoena, zinematografoa, soinu arraro bat ateratzen, niri begira. Izugarria zen hasieran, hainbeste zarata ateratzen zuen argazki kamera baten antzeko hori.

Zinematografoarekin beti bizitzaz irudiak ateratzen saiatu izan zen, baina inoiz ez, oraindik bi oinen gainean irauten zuen hildako bat. Ni hala ikusten ninduen objektibo hartatik, harri baten gainean eserita, zerura nahiz lurrera begira, zigarro bat beste baten atzetik. Zinematografoari zuzenean begira nezan eskatu zidan orduan. Obeditu besterik ez nuen egin. Bernard bertatik ikusten ari zena ez nintzen ni, nire irudi bat baizik, Bernard bertatik ikusten ari zena ez zen nire argizko mamua besterik. Nire argizko mamuaren iraupena denboran. Denbora eta espazioaren artea.
Denboraren eta espazioaren arteak Bernard negarrez has zedin egin zuen. Isilik.

Espazioa eta denbora nahastu egiten dira argiaren abiadan. Han omen dago Thomas, espazioa eta denbora nahasten diren lekuren batean. Guk ere argiaren abiada desiratzen genuen tximeleten atzetik korrika egitean. Guk ere argiaren abiada desiratzen genuen cricketean. Argiaren abiada…
Erlatibitatea.

Tristurazko hogeita lau fotograma segundoko. Orduan gehiago izan ziren. Han nengoen eta aldi berean ez nengoen. Eta nik ez nuen ideiarik ere. Ez nekien. Nire denbora eta espazio hura baltsamatzen ari zen Bernard niretzat, munduaren zati hau baltsamatzen ari zen niretzat eta nik ez nuen ulertu. Baina Bernarden negar isilarekin gelditu nintzen betiko. Gau hartan alde egin zuen Mensfield Halletik. Nire ohe gainean pelikula hura utzi zuen. Eta zinematografoa.

Hurrengo urteetan jakin nuen hark guztiak esan nahi zuena. Bernardek denbora eta espazioa erlatibo bilakatzen irakatsi nahi izan zidan, denbora eta espazioa baltsamatzen, mugimendua eta bizitza eskutan hartzen, beste Thomasik gal ez nezan.
Berak nirekin egin zuen bezala.
Ez nuen berari buruz besterik jakin.

Get free blog up and running in minutes with Blogsome | Theme designs available here